
Noaua! Herri Aldizkaria 1996ko ekainaren 28an hasi zen kaleratzen. Usurbilgo etxe, baserri, denda eta enpresetara doan banatzen dira gaur egun plazaratzen diren 2700 aleak. Horrez gain, herritik kanpo bizi diren usurbildarrei ere igortzen zaie aldizkaria astero, guztira 120 herritarrei. Bestalde, ezin dira ahaztu Kultur Elkarteak udalarekin batera egiten dituen bestelako egitasmoak ere: Plis Plas, Iñauteriak, Kultur Astea, Santo Tomas, argitarapenak eta beka deialdiak. Usurbilgo Udalak eta Noaua! Kultur Elkarteak sinaturik duten hitzarmenaren xedea honako hau da:
- Usurbilgo Udalaren aldetik: Noaua! Kultur Elkartearekin dirulaguntza-erregimena eta prekarioz lagatuko dion lokalaren erabilpena arautzea.
- Noauaren partetik: aldizkaria eta web orria egitea.
Bestalde, hitzarmen honen bidez, beste azpi-helburu hauek ere bilatzen dira:
- Lehenik eta behin, euskararen erabilera zabaldu, Usurbilgo bizitza-esparru guztietan normaldu eta bermatu eta garai berrietara egokitzeko aberastea.
- Euskal Kultura zaindu eta ezagutzera ematea, iraganeko sustrai kulturalak galtzen ez uztearren eta sortuko den kulturgintza bermatuz.
- Gaur egungo kulturgintzan jardutea, bertakoa landuz. Kulturgintza unibertsala herriratzeko zubi eta bitarteko izatea.
- Usurbil ezagutzera emateko bide egokiak taxutzea. Herrikoak munduan barrena bizi diren beste herri eta kulturak ezagutzeko aukerak gihartzea.
- Aurreko helburuen ildotik herriaren aurrerabiderako egoki izan litezkeen ekintza, egitura eta jarduera ekonomikoak antolatzea.
Lankidetza horren adibiderik oparo eta garbiena, ez baina bakarra, Noaua! aldizkaria da, hamabostekari izatetik astekari izatera 2005eko abenduaren 30ean pasa zena, hain zuzen ere.