Mendizorrotz (410 m.) Kantauri itsasertzarekin paraleloan kokatuta dagoen mendia da; ondorengo hauekin mugatzen du: Iparraldetik Kantauri itsasoa, Hegoaldetik Bilbo-Behobia autopista, eta Ekialdetik eta Mendebaletik Donostia eta Orio, hurrenez hurren.
Mendi-lerrokadura hau NW-SE norabide aldera begira dago, itsas mailatik 410 metrora, eta Donostia, Orio eta Usurbilgo udalerriak hartzen ditu.
Gipuzkoako “Itsasertze” motatako morfodinamiko giroari dagokion mendia da Mendizorrotz, hain zuzen ere, epel-ozeaniko aldaeraren barnean sartzen den inguruan kokatzen den mendia. Erliebeak orokorrean aldapa txikikoak dira (Mendizorrotz 410 m), itsasbazter aldapatsua izatea da bere ezaugarri geomorfologiko nagusiena, irregularra eta erdizka ebakia, etengabeko olatuen eraginez bertan itsaslabar malkartsuak ageri dira, eta tarteka, utzitako hondarrarekin ezkutuko kala txikiak sortzen dira.
Egiturari dagokionez, mendi hau monoklinal handi bat da, hau da, norantza bakar batetan inklinatutako geruza paraleloz osotuta dagoena. Erliebe estruktural hauek, harearri-geruzek erosioa lutita edo buztinezkoek baino hobeto jasaten dutelako sortzen dira (Flysch" tertziarioko material hareatsuek edota isolatutako harea-bankuek kosta-lerrokadura osotzen dute), ondorioz, bi hegalez osatutako erliebea sortzen da, bata “aldapa” deritzona, itsasoraino emeki jaisten dena, eta bestea, malkartsuagoa da. Unitate honetako materialak Behe Eozenokoak dira (Aro Tertziarioa).
Mendi honetako habitata, Gipuzkoako gainontzeko mendien antzekoa da. Orientaziorik onena duten mendi-hegaletan zehar sakabanatuta agertzen dira tradiziozko baserriak, bertan barazkiak, sagarrak eta egoskariak lantzen dira, aldiz, arto gutxi lantzen da, orubearen taiukera aldapatsuagatik eta hezetasunagatik; nekazaritzatik kanpo ez dago ez fabrikarik ez industriarik.
Aisia eta atsedenaldirako eremu bezala hain ezaguna den mendi hau hobeto ezagutzeko, hona hemen bi ibilaldi ezberdin: batetik, Konpostelara doan kostako Done Jakue Bidea, garrantzi handikoa Erdi Aroko bide Historikoa izateagatik eta bertan aurkitutako aztarna megalitikoengatik; eta bestetik, kosta inguratzen duen bidea, itsaslabar bertikalez osatutako ingurunea da, natur interesa eta paisaia balioa duena.
Usurbilgo Udala 2008
Joxe Martin Sagardia plaza, z/g 20170 Gipuzkoa • Tel. 943371951 Fax. 943371493 • errejistroa@usurbil.net