Ostirala, 2011(e)ko otsaila(r)en 25-(e)an 11:51etan
Usurbil, Hernani eta Oiartzungo alkateek Carlos Ormazabal Gipuzkoako Foru Aldundiko garapen iraunkorreko diputatuaren dimisioa eskatu dute gaur, Usurbilen egindako prentsa agerraldian. Hernaniko udaletik Marian Beitialarrangoitia alkateak, Oiartzundik Aitor Etxeberria alkateak eta Usurbildik Xabier Mikel Errekondo alkateakk, Lapatxen gabezia eta iruzurra hartu dituzte horretarako ardatz. Alkateen iritziz, Lapatxeko konpostatze plantak ezin dio aurre egin materia organikoa kudeatzeko eskariari, eta ondorioz, bildutako organikoaren %40 zabortegira botatzen ari dira. Etxeberriak aipatu duenez, hori horrela eginda, “herritarrak egiten ari diren esfortzuaren ia erdia zabortegira botatzen ari da Diputazioa. Eta gainera, Diputazioak, gezurretan, lotsarik gabe, konpostatzeko beste plantarik ez dela behareta ez dituela berak aurrikusitako beste konpostatzeko plantak egingo esan du”.
Errekondok hitza hartu duenean, “Diputazioa iruzur egiten” ari dela esan du: “iruzur egiten ari zaie organikoa biltzeko erronkari heldu dieten udal eta mankomunitateei eta baita herritarrei ere.” Errekondorentzat, eskandalua da Diputazioaren jarrera: “Gipuzkoako instituzio nagusiena birzikla daitekeen materiala, inolako begirunerik gabe, zabortegira botatzen ari da, hau tratatzeko gaitasunik ez duelako.” Usurbilgo alkatearen ustez, Diputazioak udalak eta berarekin herritarrak engainatu ditu “Gipuzkoarren erakunde nagusienaren lehentasuna birziklatzea zela zioenean”. Diputazioaren lehentasuna erraustegia egitea da Errekondoren iritziz eta baliabide guztiak Diputazioak horretara bideratu dituela uste du, birziklatzea albo batetara utzita.
Beitialarrangoitiak, Diputazioa udaloi eta zuzenean herritarrei egiten ari zaien iruzurragatik Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalen dimisioa exijitu du hiru udalen izenean. Beste eskari bat ere egin du Hernaniko alkateak: 2010eko bilketaren emaitzak ikusita, Diputazioak atez ateko bilketa sustatzea. 2010ean Gipuzkoan bildutako organikoaren %71,5 atez ate bildu da. Horren arabera, Beitialarrangoitiak adierazi duenez, bosgarren edukiontzia “itxura egiteko baino ez du erabili Diputazioak” eta Carlos Ormazabalek egin duen bakarra, “atez ateko bilketa iraindu, desprestigiatu, oztopatu eta errauste planta toxikoa justifikatzea” besterik ez da.
Hiru alkateek, Diputazioari, “itxurakeria hutsa egiteko politika okerra zuzentzea” eta “Gipuzkoa garbi eta osasuntsuago bat eraikitzeko bidean instituzioen elkarlana oinarri izatea” eskatu dute.
| 2012-05-20 | 11:30 XXI. Sagardo Eguna |
| 2012-05-24 | 17:30 LH5 eta LH6 mailakoen Bertso Saioa |
| 2012-05-26 | 19:00 Kantu-jira kalez kale |
| 2012-05-30 | 18:30 HH5 ET LH5 mailakoen kantaldia |