SALUDO:

Ongi etorri Usurbilgo Udaleko web orrira. Udalera iritsi berriak izan arren berehala ohartu gara usurbildarroi informazioa helarazteko ditugun mugez. Horregatik, web orri hau tresna paregabea izango dela ziur gaude. Haratago, helburu nagusia Udala eta herritarrok modu interaktiboan jarduteko aukera sortzea da.

Egungo Udal Gobernuak konpromiso argia hartua du bere jarduna gardena eta parte hartzailea izan dadin. Horretarako, erabakiak hartu aurretik bezala ondoren, uneoro informazioa herritarrokin elkartrukatu eta hausnartuko dugu.

Porlanaren hedapen zentzugabearen aroa bizi dugu. Baina, guk Usurbilen eta usurbildarron nortasunaren ezinbesteko zatia den ingurune zoragarrion alde egingo dugu. Oker baitabil aitzindaritzaren izenean ingurunerik ederrenak porlanez itotzeko prest dagoena. Herri modernoa benetako baloreei eutsiz kualitatiboki garatzen dena da eta horretarako teknologia berriak helburu horiek lortzeko tresna eraginkor bilakatuko ditugu (zoramenezko abiada bizitik at).

Usurbilgo herriaren garapenean herritar guztiok daukagu zer esana eta, batez ere, zer egina. Beraz, herriko taldeen bitartez zein bakarka parte hartzera animatzen zaituztet, bai martxan jartzen ari ditugun Aholku Batzordeetan (Kultura, Hezkuntza, Nekazaritza/Ingurumena, etab.), bai web orri honen kontaktu-estekaren bidez iradokizunak bidaliz (dela udalerriko edozein gai, dela web orria beraren egitura, edukia, diseinua…).

Teknologiaren zurrunbilo hutsean erortzetik urrun, erabil ditzagun lanabes eraginkor gisa amesten dugun Usurbil egiteko, nortasun eta balore guztiekin. Guztion artean soilik egin baitaiteke benetako Usurbil, Usurbil bizi bat.

Bizi dezagun Usurbil!

Xabier Mikel Errekondo Saltsamendi
Usurbilgo Alkatea

 
Usurbilgo Udala 2007
Joxe Martin Sagardia plaza, z/g 20170 Gipuzkoa • Tel. 943371951 Fax. 943371493 • errejistroa@usurbil.net