Home » Destakatuak, Prentsa

“Nahikoa da kariño apur bat”

2009 abendua 2 Ez dago iruzkinik

Nahikoa da kariño apur bat

Nahikoa baita kariño apur bat, apur bat bakarrik, errauste plantarik behar ez izateko.

Eta guztion apur bat nahikoa dela jabetzeko Usurbilgo adibidera gerturatu besterik ez dugu. Martxoan abian jarri zenez gero, eta zortzi hilabeteko epean, %28 birziklatzetik, hondakinekin zegoen arazoari irtenbidea emanez, %82 birziklatzera heldu gara, gure osasuna eta ingurumena arriskuan jartzeko beharrik ez dagoela garbi erakutsiz.

Eta, orduan, zertarako egin errauste planta bat, beharrezkoa ez bada?

Zaborraren magia amaitu da

Hogeita hamar urte daramatzagu edukiontzien sistemarekin, eta, orain artean, edukiontzian gure hondakinak utzita arazorik ez zegoela pentsatzen genuen. Ikusten ez dena benetan ez dela sinetsita geunden, baina edukiontzien magia ilun horrek orain gauden egoerara ekarri gaitu: zabortegiak gainezka, kutsadura eta kiratsa, osasun arazoak…

Arazoaz jakitun, hondakinen kudeaketaren arazoari irtenbide bat bilatu nahi izan zion Usurbilgo Udalak, eta hainbat adibide bilatu zituen inguruko herrialdeetan. Baina argi zuena zen, udala herritarren arazoak kudeatu eta haiei konponbidea emateko egon arren, herritarrak ere subjektu aktibo izan behar zuela konponbidean.

Eta eguneroko keinuekin, kariño apur batekin nahikoa zela konturatu ginen.

Alternatiba bat eskura

Atez Ateko Bilketa Selektiboarekin, hondakinekin baliatzen zen orain arteko sistemaren alternatiba dugu, eta funtzionatzen du, funtzionatzen duenez. Usurbil ez ezik, Italiako eta Herrialde Katalanetako hainbat herri dira horren froga, Danimarkako Aarhus edota Irlandako Tralee hiriak bezala.

Usurbilen adibideari jarraiki, Hernanik eta Oiartzunek ere, udaberrian, atez ate hondakinak jasotzeko bilketa abian jarriko dute.

Bilketaren datuek arrazoia ematen digute -zaborrik sortu gabe, hondakinen %82 birziklatzera heltzen gara- baina herritarrek ere bai -berriki egindako inkestetan herritarren %70ek sistema horrekin gustura dagoela esaten baitigu-.

Eta sistema bat aurkitu badugu, zertarako ezarri behar da errauste planta bat?

Arazoei irtenbidea

Birziklatzen duenari aukera bat eskaintzea, Europak hondakin organikoentzat ezarritako legedia betetzea, osasunaren aldeko hautua, horixe besterik ez da atez ateko zerbitzua eskainita egin duguna.

Ohitura aldaketa oro bezala, herritarraren sentsibilizazioa ezinbestekoa da. Prozesu honetan guztian ez dugu herritarra ahaztu; bidelagun izan dugu, nola sistema ezarri aurreko parte-hartze prozesuan, hala, oraindik orain, bilketa sistema ezarri eta zortzi hilabetera, bulegoan jasotzen ditugun ohar eta inkestetako datuen bidez.

Ohitura aldaketak, ordea, ez dira arazorik gabekoak, eta atez ateko bilketaren aurka daudenek ezagutzen dituzte prozesua aurrera eramateko izan ditugun oztopo eta zailtasunak. Jakin badakite herritarren sentsibilizazioa behar dela, jarraipena, eta, lagundu beharrean, ohitura aldaketa orok dituen zailtasunez baliatzen dira prozesu hau oztopatzeko. Herria zikina dagoen zurrumurru faltsuak hedatzen dituzte, eta eurek kaleko edozein bazterretan hondakinak uzteko deia egiten dute…

Baina zer nahi digute esan, nahiago zutela lehen bezala iraun?

Osasuna lehen eskubidea

Eusko Abertzale Ekintzako udal hautetsi naizen aldetik, gizartearen eraldaketarako egiten dugun lanaren barnean kokatzen dugu hondakinen kudeaketa arduratsu eta eredugarria. Osasuna lehen eskubidea dela irizten dugu: osasunik gabe ez gara.

Herritarrei mespretxua

Ez nuke idatzi hau amaitu nahi 35.000 sinadurei hiru herrialde autonomikoetako Legebiltzarrean egindako mespretxua salatu gabe. Herritar horiek Zubietan ezartzekoak diren errauste plantaz galdeketa egiteko eskatu zuten. Erabakitzeko eskubidea izatea, alegia. Legebiltzarrak ez zien herritar horien eskabideari hamar minutuko tarterik ere eskaini. Halako mespretxua ikusita, eta guk Usurbilen hondakinen kudeaketa ebazteko egingo dugun gisa berean, Gipuzkoako Foru Aldundiari Zubietan ezartzekoa den errauste plantaz erreferendumean herritarrei galdetzeko eskatzen diegu, gaur Donostian egingo den manifestaziora joateko gonbita egitearekin batera.

Imanol Azpiroz

Usurbilgo Udaleko Ingurumen zinegotzia eta San Markosko Mankomunitateko lehendakariordea

Idatzi zure iruzkina!

Utzi zure iruzkina behean edo trackback a egin zure webgunetik. Nahi izanez gero harpidetu iruzkin hauetara RSS bidez.


Segurtasun kodea: Bete beheran azaltzen den zenbakia; makina edota robot bat ez zarela ziurtzeko.
Código de seguridad: Para asegurarnos de que no eres una máquina, completa la casilla con el número mostrado.

Etiketa hauek erabil ditzakezu:
<a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>

Weblog honek Gavatar onartzeko moldatua dago. Zure avatarra lortzeko, eman izena Gravataren.

Security Code: