Komertzioek atez ateko bilketa egiteko azterketa martxan da
Hiru informatzaile lanean ari dira dendaz denda aurreko ostegunaz geroztik

Dendek, tabernek eta bestelako negozioek atez ateko bilketa doitzeko hiru informatzaile lanean ari dira aurreko asteaz geroztik. Hauen lana da dendaz denda bisitak egitea eta komertzio bakoitzak zer hondakin sortzen duen eta, horren arabera, zein nolako edukinontziak behar dituen zehaztea. Bide batez, hondakin kopurua aztertuta denda horrek zein nolako bilketa maiztasuna beharko lukeen ere zehazten da. Lan hau informatzailearen eta dendako jabearen artean egiten dute. Behin datu hauek hartuta, behin betiko zerbitzua nolakoa izango duen erabakiko da.
Usurbilen 135-140 negozio inguru daude. 40ren bat bisitatu dituzte dagoeneko eta informatzaileen iritziz “harrera ezin hobea izan da”. Jarreraz gain, laguntza ere eskatzen dute: “laguntzaile gisa hartzen gaituzte, informazio eskatzen dute, gauzak ondo nola egin galdetzen dute”. Bestetik, kezka ere sortzen du atez ateko bilketak ezezaguna delako, “baina, informazio jasotzen duten neurrian, kasuren batean agertu izan den hasierako hoztasuna onarpenean bihurtzen da”.
Dendetan egin beharreko azterketa gabonak baino lehen amaitzea aurreikusten da.






Idatzi zure iruzkina!