Ezin da egia erraustu
Carlos Ormazabal jauna, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko Lehendakari eta Garapen Jasangarriko foru diputatuak, jo eta ke ari zaigu erraustegia saltzen, zaborrarekin bukatuko duelakoan. Horretarako teknologia hartzen du hizpide, eta hitz erdirik ez du esaten ez pertsonen osasunari buruz ezta ingurigiroari buruz ere. Gogorarazi behar zaio teknologia aurrerakuntza dela soilik senaz erabiltzen bada. Zabalgarbiko erraustegiak ere (Bilbo) puntako teknologiarekin egin da, eta egunotan PPk berak ere eskatu behin behineko itxiera airearen, lurzoruaren eta, seguruenik, bilbotarrek edaten duten uraren kutsadura dela-eta (El Correo 09/07/09).
Bilketa datuak izkutatu
Hiri-hondakinen birziklapena handituko duten sistemen bila jarri ordez, hondakinak izango direla bermatzen duten sistemen bila ari zaigu. Partzuergoak zaborra behar du, zabor asko, hauxe baita erraustegiari jaten emango dion lehengaia.
Egungo zabor-kopuru nahastua bermatzeko, ez du inolako eragozpenik izan estadistikak manipulatu eta iritzi publikoan desinformazioa eragiteko. Berriki txostena kaleratu du gai honi buruz, eta bertan esaten du bosgarren kontenedorea Usurbilgo atez atekoa baino eraginkorragoa dela (El Diario Vasco 09/07/04). Txosten horretan datuak gaizto ematen dira, eta nahastu egiten dira bosgarren kontenedorean parte hartzen duten herritarren parte ttiki-ttikiari eta Usurbilgo herri osoari dagozkien bilketa-datuak. Horrela, Azpeitia, 14.000 biztanle dituena, materia organiko gehien biltzen duen herria dateke, txostenaren arabera: 9-10 t/hil. Honek esan nahi du Azpeitian, bosgarren kontenedorearekin, hilabete behar dutela Usurbilen astebetean biltzen dutena biltzeko! Atera kontuak: Usurbilen 6.000 biztanle dira, eta horietatik 1.000k ez du organikorik ateratzen bilketa-zirkuitura, autokonpostatzen dutelako, eta, hala ere, 40 t/hil organiko biltzen dute.
Esan nahi baita, bosgarren konetendoreak bakarik balio duela biztanleen %5 edo %10arentzako, kontzientziatua daudenentzako alegia, baina ez denontzako. Bosgarren kontenedorearekin familien %90ak zabor nahastua sortzen jarraitzen du, eta hori da hain zuzen erraustegiaren ametsa: zabor nahastua erretzeko. Horregatik gustatzen zaio hainbeste bosgarren kontenedorea Ormazabal jaunari.
Haatik, atez ateko sistemak erakutsi du gai dela egoerari buelta emateko egun atetik bestera edozein udalerrik onar dezakeen kostuen barruan. Usurbilek 173 tona zabor eraman zituen San Markoseko zabortegira 2008ko apirilean; 2009ko apirilean, berriz, 25 tona besterik ez.
Erraustegiaren finantziazioa izkutatu
Baina erraustegiak finantzazioa behar du. Nondik eskuratu dirua, ordea? Erraustegiaren finantzazioa ziurtatzeko, hondakinen partzuergoak Gipuzkoako herri guztiak 25 urterako hipotekatu nahi ditu. Gipuzkoan sortzen diren hondakin guztien kudeaketa eta hondakinak tratatzeko erabiltzen diren azpiegitura guztiak kontrolatu nahi ditu. Hiri-hondakinak biltzeko eta tratatzeko konpetentziak udalenak diren arren, Ormazabal jaunak eta partzuergoak ez dute nahi Usurbilekoa bezalako esperientziak hedatzea, horrek arriskuan jarriko bailuke erraustegiaren finantzazioa, baita gainerako azpiegitura zentralizatuena ere. Inposatu nahi duten eredua jasangarria dela sinestarazteko, konpostaren aldeko apustua egiten dutela diote, aho zabal, baina beraiek kontrolatzen duten neurrian bakarrik da hori horrela. Ez dute nahi udalerriek edo mankomunitateek euren hondakinak biltzea eta tratatzea.
Uztailaren 16an hasiko da “Partzuergoaren garaia”. Gipuzkoako herri guztiak jabetuko dira horretaz, nahastuta biltzen den hondakinen prezioa noraino igoko den ikustean. Orain arte Lapatx, Sasieta eta Urteta-n hondakinak jaurtitzea 69,55 €/t, 75 €/t eta 74 €/t kostatzen bazen ere, hurrenez hurren, partzuergoaren garaia hastean 125,74 €/T kostako da! Garraioaren kontzeptuan 9 €/t inguru kendu beharko litzateke, baina, hala ere, igoera neurrigabea da, are gehiago, krisi-garaietan. Foru Aldundiak foru fondoa %25 inguru jaitsiko duen honetan, Udalak ekonomikoki itoko dituen hondakinen kudeaketa-eredua inposatu nahi du. 2009an pairatuko den igoera izugarria are larriagoa izango da 2010ean, orduan 12 hilabetez ordaindu beharko baita partzuergoaren eredua. Kalte onartezina da.
Ormazabal jaunak eta bera presidente den partzuergoak ekonomikoki eta, ingurumenaren ikuspegitik, erabat jasangaitza den kudeaketa-sistemara eraman nahi ditu Gipuzkoako udalak. Teknologian sinesten dutela diote, puntako teknologian, baina ez dute hondakinak gutxitzeko sistemen alde egiten ezta birziklatze-tasak berehala igotzen dituzten sistemen alde ere. Ingurumenarentzat ez direla kaltegarriak diote eta erraustegiak hiriguneetatik gertu kokatzen dituzte. Bilbon alarma pizten den bitartean, Zabalgarbik airera, lurzorura eta urera jaurtitzen duen arsenioaren, metal astunen eta beste substantzia batzuen maila altuengatik; alderdi politiko batzuek, PPk berak barne, Zabalgarbi behin behienkoz ixteko eskatzen duten bitartean; hemen arrabola martxan jarri eta inora ez daraman ihesbidea hartu dute. Ormazabal jauna: erraustegia guztientzako pozoia da. Guztia teknologian oinarritzen da, hitz erdi bat ere ez osasunaz ezta ingurumenaz ere, teknologia soilik. Baina jendarte zozoak baizik ez du itsu-itsuan teknologian sinesten. Teknologiak garapenari laguntzen dio sen onarekin erabiltzen denean, baina hemen harrokeria gehiegi eta batere asmo onik ez dago, Ormazabal jauna, ikusitakoak ikusita.
Ormazabal jaunari, Garapen Jasangarriaren Diputatua izan arren, ez zaizkio interesatzen atez ateko bilketa bezalako sistemak, nahiz sistema horrek birziklatzen ez den hondakinen zatikia %85 murrizten duen martxan jarri bezain laster. 2016rako hondakinen %50 birziklatzeko helburua jarri du; ez omen daki Usurbilen gaur egun %80 birziklatzen dugula! Diputatu jauna izan arren, ezin du Gipuzkoako herritarren osasuna jokoan jarri. Inork ez du azpiegitura hori bere herritik gertu nahi, are gutxiago beharrezkoa ez bada. Poliki-poliki, San Markoseko Mankomunitateko eta beste Mankomunitate batzuetako udalerri gehiagok egingo dute osasunaren aldeko apustua.
Imanol Azpiroz
San MArkoseko Mankomunitateko Lehendakariordea






Hola, bueno, llegados hasta tal punto surge una pregunta que me viene rondando desde hace tiempo, y me gustaría recoger opiniones:
¿Por qué no se plantea una fuga “a la francesa”? ¿Por qué los municipios no abandonan ese diabólico consorcio donde tienen todas las de perder?
Supongo que habrá impedimentos varios, yo no estoy informado de aspectos jurídicos ni siquiera económicos, pero ¿alguien siquiera se lo ha planteado? ¿No merece la pena a estas alturas, echarle bigotes al asunto?
Gracias y ánimos.
Idatzi zure iruzkina!