Prentsa bulegoa
Martxoaren 16an hasi ziren Usurbilen hondakinen atez ateko bilketa selektiboa egiten. Hilabete eskas pasa denean lehenengo emaitzen berri eman dute gaur goizean Donostian, San Markoseko Mankomunitatearen egoitzan.
Hona datuak: %28ko bilketa selektibotik %76,08ra pasa dira Usurbilen. Horrek esan nahi du hirukoiztu egin dela bilketa selektiboa. Errefusa, bestalde, zabortegira botatzen dena, %71,58tik %23,92ra jaitsi da lau asteotan. Ikus taulak beherago.
Larunbatean ongi-etorri jaia egingo diogu atez atekoari, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara. Bertan izango dira Porrotx eta Mari Motots, batetik, eta Joseba Tapia eta lagunak bestetik guztion gozamenerako. Kalejira-konga ere egingo dugu, kuboaren erritmopean, orain arteko edukiontziei agur esateko erretiroa hartu baino lehen.
Ez dira faltako sagardoa eta txorizoa, ezta aldarrikapena ere, errauste-plantaren aurkako koordinadorakoek sinadurak biltzeko mahaia jarriko baitute lege-proposamena aurkeztu ahal izateko Gasteizen (30.000).



